
“Senidetasunezko mundua eraikiz”, 2026-2027 ikasturterako La Salle goiburua
- Date 2026-09-04
Ikasturte berriarekin batera, La Sallek berriro goiburua estreinatu du. “Senidetasunezko mundua eraikiz” goiburuak, datozen hilabeteetan egunez egun gure hezkuntza obrak gidatuko dituen begirada eta hausnarketa norabidetzen lagundu nahi du.
La Sallek, Espainian eta Portugalen, “senidetasunezko mundua eraikitzen” jarraitu nahi du, eta elkarrekin egitera gonbidatzen du.
Polarizazioak, desberdintasunak eta elkarrizketaren premia larriak markatutako testuinguru global batean, La Sallek senidetasunaren balioa jarri nahi du ikasleen formazio integralaren giltzarri gisa eta herritartasun arduratsu eta konprometitua eraikitzeko gakotzat.
“Eraikitze” horrek ekintza, mugimendua eta dinamismoa eskatzen ditu, La Sallek irmoki defendatzen baitu senidetasuna ez dela egoera pasibo bat edo amaituriko lorpen bat, prozesu jarraitu eta aktiboa baizik. “Eraikiz” ekimenak guztion etengabeko parte-hartzea iradokitzen du, eta nabarmentzen du senidetasunezko mundua eraikitzeak une bakoitzean ahalegina eta borondate iraunkorra eskatzen duela.
Parte hartzera gonbidatzen den prozesu honetan, norberekoikeriaren, diskriminazioaren eta bazterketaren hormak desegitera gonbidatzen da, elkarrizketa eta solidaritate zubiak jasotzeko. Izan ere, La Salle konbentziturik dago senidetasunaren hazia ikasgeletan eta bihotzetan ereiteak etorkizuneko belaunaldiak prestatzen dituela munduak etsi-etsian behar duen justizia eta bakearen eragile izateko.
La Sallek beste mundu batean sinesten du eta hezkuntza funtsezko indarra dela hura eraikitzeko. Hezkuntza ikuspegitik La Sallek bakea, ekitatea, justizia soziala, herritarren parte-hartzea, amets bateratuen eraikuntza eta askatasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetua posible izango diren gizarteak eraikitzea irrikatzen du. Horregatik, erakundeak agerian jartzen du gizarte demokratikoago eta bidezkoago batekin duen konpromisoa, bai eta guztiontzako onuragarria izango den giza garapen integral eta iraunkorraren aldeko hautua ere. Bakerako heztea justiziarako eta solidaritaterako heztea da. Eta hori senidetasun zeinu da.
La Salleren konpromiso pedagogikoa gizarte-konpromisorantz proiektatzen da nahitaez. Senidetasunezko mundu bat eraikitzeak ikastetxetik kanpora irtetea eskatzen du, harantzago begiratzea, gehien behar dutenen ondoan egotea, fedea, zerbitzua eta senidetasuna misioaren zutabe sendo gisa hartuta, salletar hezkuntza gizartea eraldatzeko tresna dela ziur egonik.
La Sallek, Espainian eta Portugalen, “senidetasunezko mundua eraikitzen” jarraitu nahi du.
