Back

Etxean zaude

“Etxean zaude” goiburuarekin egiten dio La Sallek ongietorria 2021-2022 ikasturteari.

Indarberrituta eta motxilak pozez beterik ditugula ekin diogu La Sallen 2021-2022 ikasturteari, oso pozgarri baitzaigu ikasleak berriro gure ikasgeletan ikustea. Urtetako eskarmentuak sendotasuna dakarkio salletar familiari, eta gogoz dihardu bere betiko hezkuntza misioan, erronka ederrak elkarbanatzeko eta gainditzeko garaia hasi baitzaigu ikasturte berriarekin batera. 

Ikasturte honetan, harrera eta onarpena izango dira gure gogoetaren oinarrizko balioak eta hauxe izango da gure goiburua: “Etxean zaude”. La Salle zer den eta salletarrentzat nahiz gurera bertaratzen diren guztientzat zer izan nahi duen adierazten du ikasturte honetako goiburuak. 

Gizarte anitz batean bizi gara eta gizartearen esparru guztietan ikusten dugu aniztasun hori. La Salleri aberasgarri zaio aniztasuna eta ikasturte honetan berariaz arituko gara lanean “bestelakoa edo diferentea” izan daitekeen horri harrera beroa egin eta den bezala onartzeko, bai baitakigu pertsona guztiak garela diferenteak eta bakarrak. Bueltan zarenean gozo hartzen zaituen etxe hori da La Salle, norbera seguru eta onartua sentitzen den lekua, gu geu izateko aukera ematen diguna, ondo hartzen gaituena, pertsona gisa dugun balioa aitortzen duena.

Guztiok dugu ondo hartuak izateko premia, onartuak izatekoa, eta horren jakitun, alteritatea zaintzen du salletar hezkuntzak, bestetasunari begiratzen dio, bestea entzuten, onartzen eta zaintzen saiatzen da. Alteritateak, hezkuntzan, dimentsio soziala zaindu behar du, hau da, erantzun bat eman behar dio ezaugarri zehatzak eta bereziak dituen pertsona horri, eta argi eta garbi izan behar du zer garen, nola bizi garen eta zer harreman ditugun. Pertsona da gure hezkuntza egitasmoaren erdigune eta pertsonari balioa emanez eraikitzen dugu gure eredua.

Mundu bidezko eta solidarioaren utopia lortzeko beste aukera bat dugu ikasturte hau eta, bide horretan, elkar aberasteko baliatuko ditugu bestetasuna eta diferentzia, ez daitezen elkarrengandik urruntzeko arrazoi izan. 

La Salle Arlep barrutiak harrera egiten dizu eta zure ondokoak hartzera gonbidatzen zaitu, osotasunaren partaide bereziak baikara guztiok eta asko baitugu emateko, bestelako eskola bat egiteko bidean. Bere garaian gure fundatzaile La Salleko Joan Bautistak egin zuen moduan, inguruan dugunari begiratzen diogu, hezkuntzaren bidez erantzuteko premian direnen beharrizanei. Gure sustrai sakonek dakarkiete indarra eta inspirazioa gure eskolari, Ikaskuntza Testuinguru Berria (ITB) da gure egitasmo pedagogiko berritzailea eta, ikasturte honetan, gure ikasgelak “etxe” izango dira, mundua eraldatzeko gai izango diren pertsonak hezteko, egungo gizartean errotuta. 

Ongi etorri ikasturte berrira!