Haur Hezkuntzako ikasleen agurra

Atzo, 2020ko ekainaren 17an, Haur Hezkuntzako ibilibidea bukatzen duen promozioa agurtzeko elkartu ginen. Hiru urtez familia eta talde izan gara, elkarrekin ibili gara, umeak, familiak eta andereñook elkarrengandik ikasi dugu. Une berezi bat partekatu nahi genuen, batez ere azken hilabeteetan ezohiko egoera bizitzea tokatu zaigulako.

Segurtasun-neurri guztiak zainduz, eskolan biltzea lortu genuen, oso une hunkigarria izan zen. Aitzakia karpetak eta orlak banatzea zen, eta gure haurrek datorren ikasturtean izango dituzten gela berriak bisitatzeko aukera izan zuten. Agur honetan musuak eta besarkadak zintzilik geratu ziren, horiek ordezkatzeko modu bat bururatu zitzaigun, gure “denbora kapsula” sortuz. Haur eta andereño bakoitzak kutxa batean oroitzapen bat sartu genuen, eta talde honek haien eskolako ibilbidea amaituko duenean berreskuratuko dugu. Ordura arte, gure zati bat kapsulan elkarrekin egongo da.

Atzo gure ikasleen eta familien begietako distiraz gozatu genuen eta izugarri polita izan zen haien barreak, ahotsak eta algarak berriro ere ikastetxeko jolastoki eta lorategietatik entzutea.